– 30. edizio honetako irabazleak azaroaren 26an egin eta online eskainiko den ekitaldi batean jakinaraziko dira
– 5 finalista daude Enpresa Asmoak kategorian; eta 7 Enpresa berria izenekoan

Donostia, 2020ko azaroaren 20a.- Toribio Echevarria Sarietako epaimahaiak aurtengo edizioa irabazi nahi duten hamabi proiektu finalistak aukeratu ditu. Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak sustatzen dituzten Toribio Echevarria Sarien xedea da berrikuntza teknologikoa ikur duten ekintzailetza-ekimenak aitortzea eta babestea. Ekintzailetza eta enpresa-garapenean aditu den epaimahai batek finalerako sailkatu diren proiektuak aukeratu ditu. Sari bakoitzeko zuzkidura ekonomikoaz gain, irabazleek finantzazio, mentoring eta prestakuntzarako babesa jasoko dute ere.

Hamabi proiektu finalistek Bio/osasuna, Industria/Jasangarritasuna, Fabrikazio aurreratua eta IKTen arloetan lan egiten dute eta apustu sendoak dira berritasunari dagokionez. Toribio Echevarria Sariak orain dela 30 urte sortu ziren Euskadiko ekintzailetza-ekimenak babestu eta horien sustatzaileak jarduera berriaren hastapenetan babesteko xedearekin.
Aurtengo edizioan, sarietara aurkeztu diren 38 enpresa-ekimenak aztertu ditu epaimahaiak. Horietako hamabi finalerako sailkatu dira eta, ondorioz, 2020ko edizioa irabazteko aukerak dituzte.

ENPRESA ASMOAK” KATEGORIA

Onena Medicines: Bularreko minbizi errepikakorra tratatzeko sendagaiak garatzen ditu
Orvium: Zientzia-berrikuspeneko prozesua optimizatzeko web-plataforma
Birmetek: Bi munduren (BIM ingurunea eta eraikitze-errealitatea) arteko atea irekitzen duten teknologia-zerbitzuak eskaintzen ditu, robotizatutako gailu autonomoen bitartez
Polykey Polymers: Konponbide berritzaile eta iraunkorrak polimeroen industriarako
Inalia Innovación y Desarrollo: Torlojuak mihiztadura kritikoetan kontrolatzeko sistema integrala

ENPRESA BERRIA” KATEGORIA

ScrapAd-Click, sell & buy: B2B teknologia-plataforma adimentsua, industria-hondakinetarako.
Yada Technologies: Egitura fotovoltaiko flotagarriak garatzen ditu
BioTech Foods: Texturizaturiko proteina ekoizten du haragia hazteko
Mera Medical Solutions: Gizonezkoan gernu-jarioa kontrolatzeko gailu medikua
AlchemyML: Machine Learning eta Deep Learning teknologietan oinarrituriko erremintak
LINQcase: Suntsitzaileak ez diren saiakera-sistemak
Smart Consent: Adostasun informatua izeneko medikuntza-prozedura osotasunean kudeatzeko sistema

Sariek bi kategoria dituzte: “Enpresa Asmoak” eta “Enpresa Berria”. Kategoria bakoitzak 10.500 euroko zuzkidura ekonomikoa dauka eta, horrez gain, babes-, prestakuntza- eta aholkularitza-zerbitzuak jasotzeko aukera eskaintzen du ere. Halaber, beste sari batzuk daude ere beren teknologia-garapenerako edo nazioartekotze-prozesurako babesa behar duten ekimenentzat.
Aurtengo edizioan, Udalak bi sari berezi eskainiko ditu hiriko berrikuntzaren eta ekintzailetza berritzaile eta teknologikoaren alde egin duen apustua sendotzeko. Atal horretan sartzen dira “Eibarko Enpresa” saria eta “Espezializazio Estrategikoa” saria. Biek ere Eibar jatorri duten edo udalerrian kokatzeko konpromisoa hartu duten enpresak dituzte jomuga, beti ere merkatuan balio erantsia eskaini eta inbertsioa erakartzeko eta enplegua sortzeko gaitasuna agertzen badute. Sari hauen baitan ere, Eibarko Udalak ‘Iñaki Goenaga Aitorpena Eibarko enpresari’ izeneko saria eskaintzen du udalerriko enpresen eboluzio eta garapenaren eta aipatuek enpleguarekin eta ekonomia-garapenarekin duten konpromisoaren garrantzia nabarmentzeko xedearekin.
Saria abiatu zenetik, 640 enpresa-proiektu baino gehiago aztertu dira. Iraganean saritutako proiektuek 40 milioi euro inguru inbertitu dituzte eta 800 lanpostu sortu dituzte gutxi gorabehera, horietako gehienak kualifikazio handikoak.

Sariak emateko ekitaldia

Toribio Echevarria Sarietako 30. edizioko sariak emateko ekitaldia datorren azaroaren 26an egingo da, goizeko 10etan, Eibarko Coliseo Antzokian. Gipuzkoako diputatu nagusia Markel Olanok, SPRI Taldeko zuzendari nagusia Aitor Urzelaik eta Eibarko alkate Miguel de los Toyosek bertan parte hartuko dute.
Ekitaldiak edukiera oso mugatua izango du indarrean dauden osasun-neurrien ondorioz, baina streaming bidez eskainiko da. Aipatuez gain, Pedro Berriochoa idazleak ere ekitaldian parte hartuko du. ’Un eibarrés extraordinario: Toribio Echevarria (1887-1968)’ liburuaren egilea, Echevarriak enpresaren eta kulturaren arloan izan zuen ibilbidearen alderdi garrantzitsuenak azalduko dizkigu.
Toribio Echevarria Sariak Eibarko Udalak eta BIC Gipuzkoak bultzatzen dituzte Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea Sailaren babesarekin. Halaber, Gipuzkoa Bazkundea, Elkargi, APD, El Diario Vasco, SPRI eta Adegi, Cebek eta SEA enpresaburuen elkarteetako laguntza dute ere.